Edukietara salto egin Nabigaziora salto egin
Azala Eu Es

Establezimenduak

Iritzi komertzialak

« Itzuli

Errekamendi

ALDE ZAHARRA-ZAZPI KALEAK
Kiroletarako artikuluak
Posta Kalea, 6
946084398
info@errekamendi.es

"Jendea etortzen denean eta euskaraz hitz egiten diezunean, asko oso pozik geratzen dira eta eskertu egiten dizute"Gotzone (Errekamendiko dendaria)

Aurkeztuko duzu zeure burua, mesedez?
Ni Gotzone naiz, orain dela gutxi hasi naiz Errekamendin eta Alde Zaharrean egiten dut lan. Guztira 11 denda gara eta mendiko gauzak salten ditugu, gutxi gorabehera duela 11 urtetatik.

Zure establezimenduarentzat euskara garrantzitsua al da?
Bai, oso garrantzitsua da. Jendea etortzen denean eta euskaraz hitz egiten diezunean, asko oso pozik geratzen dira eta eskertu egiten dizute, ze denda askotan ez da euskara erabiltzen, eta eskertu egiten da. Gainera, jende asko dator euskaltegietatik eta, ez duena oso ondo hitz egiten euskaraz, eta ikusten dutenean zuk euskaraz egiten diezula, ba esaten dizute: "bai bai, nik ez dizut ondo erantzungo agian, baina egin euskaraz", ze beraien inguruan ez dago inor euskaraz berba egingo dienik.

Azken urte hauetan, zein izan da euskararen erabileraren eboluzioa zure establezimenduan?
Bai, gero eta gehiago erabiltzen da; guk aukera ematen dugu, nahi duenak erabili, erabili dezala eta ez duenak nahi, ez dezala erabili. Baina ikusten da aurrerapena, jendea pozik dator eta gero ikusten dugu gurasoek eskatzen digutela umeei euskaraz egiteko, ze agian beraiek ez dakite euskaraz, baina nahi dute haurrei euskaraz hitz egitea.

Zeintzuk dira euskara erabiltzen duten bezeroen ezaugarriak?
Apur bat denetarik etortzen da, umeak, jende gaztea, batez ere adinekoak...baina denetarik.

Bezero euskaldunei euskaraz egiteko aukera ematea baloratzen dute?
Jendeak eskertu egiten du euskaraz egitea. Orain dela gutxi etorri zen Ondarroako bat dendara eta esan zidan: "hemen Bilbon denda gutxi daude euskaraz egiten dutenak, eta entzun dizugu beste bati euskaraz egiten eta horregatik sartu gara, euskaraz egiten duzulako", eta horrek atentzioa ematen dizu, hemen ez da entzuten denda askotan euskaraz hitz egiten.

Euskarazko arreta eskaintzen jarraitzea zergatik da garrantzitsua zuen dendan?
Lehenik eta behin gure hizkuntza delako, eta nik pentsatzen dut hori mantendu egin behar dugula, nik pentsatzen dut gero eta garrantzia gehiago ematen diogula euskarari. Eta jendea eroso etortzen da, pozik etortzen da, eta niretzako ere erosoa suertatzen da.