Edukietara salto egin Nabigaziora salto egin
Azala Eu Es

Establezimenduak

Iritzi komertzialak

« Itzuli

Divina Martina

ZENTROA (Abando-Indautxu)
Jantziak, oinetakoak eta larrua
Atxukarro Doktorearen Kalea, 5
944430248
iratxe@divinamartina.com

"euskaraz entzunez gero, uste dut etxean bezala sentitzen direla, eta hori eskertzen dute"Iratxe Ostolozaga (Divina Martinako arduraduna)

Aurkeztuko duzu zeure burua, mesedez?
Ni Iratxe Ostolozaga naiz eta nire dendaren izena Divina Martina da. Atxukarro kalean dago, Indautxun, eta arropak eta osagarriak saltzen ditut: zapatak, poltsak, koilareak, denetarik apur bat, emakumea goitik behera janzteko arropak. Kale honetan duela urte betetik nago, oraintxe ospatu dugu gainera, eta aurretik lau urtez egon naiz Urkijo kalean, Indautxun baita ere; beraz, 5 urte daramatzat.
Zure establezimenduarentzat euskara garrantzitsua al da?
Euskaldun asko etortzen da hona, beraz bai, garrantzitsua da. Hemen dendan 4 gaude: 3 euskaldunak gara eta batek ez daki, eta berak esaten digu askotan gustatuko litzaiokeela jakitea, badagoelako jende euskaldun asko euskara eskatzen duena. Kuriosoa da norbaitek esatea orain arte ez duela sentitu premia hori, eta orain, denda batera sartu beharrera, eta euskara beharrezkoa dela igartzea.

Azken urte hauetan, zein izan da euskararen erabileraren eboluzioa zure establezimenduan?
Ez dut sentitzen eboluziorik egon denik. Agian gero eta euskaldun gehiago etortzen da dendara, baina nik pentsatzen dut ahoz ahoko kontua dela. Ni Gernikan bizi banaiz eta Bilbora etortzen banaiz gustatzen zaidan denda batetara, eta gainera euskalduna bada, ba hori komentatu egiten duzu. Eboluziorik nik ez dut igarri.

Zeintzuk dira euskara erabiltzen duten bezeroen ezaugarriak?
Herrietatik etortzen den jendea; gazteak, helduak, denetarik apur bat. Bilbon euskaldun gutxiago dago. Nabaritzen dena da barikuetan eta zapatuetan euskaldun gehiago etortzen dela. Ez diezu galdetzen nongoak diren, baina euskarak ematen dizkizu pistak, kostaldekoak diren edo...
Bezero euskaldunei euskaraz egiteko aukera ematea baloratzen dute?
Nik uste dut ondo baloratzen dutela. Nik igartzen dut agian lehenengo berba erdaraz egiten dizutela, edo nik neuk ere, "si quieres cualquier cosita...", eta bat-batean beraien artean euskaraz hitz egiten entzuten diezu, eta orduan nire lehenengo berba euskaraz da, eta beraiek euskaraz entzunez gero, uste dut, eta nik horrela sentitzen dut, etxean bezala sentitzen direla, eta hori eskertzen dute, nik neuk eskertzen dudan moduan.